“Gurasoak Berbetan” egitasmoak iaz ekin zion bere ibilbideari. Herriko ikastetxe birekin eman zen lehen urratsa, baina aurten herriko ikastetxe guztietara zabalduko da.
Haur Hezkuntzako ikasleen gurasoek (2-5 urte bitarteko umeak) parte hartu ahal izango dute, eta Berbetan programarekin egiten den moduan, guraso euskaldunak guraso ia euskaldun edo euskaldun berriekin elkartuko dira, astean behin ordubete.
Programa …eta kitto! euskara elkarteak antolatzen du, Eibarko Udalaren laguntzarekin, eta ikastetxeetako guraso guztiak gaude gonbidatuta parte hartzera.
“Gurasoak bizitzako arlo guztietan seme-alabentzat eredu izan behar dugun moduan, euskararen kasuan ere berdin jokatu behar dugulakoan gaude. Guraso askok zailtasunak izaten dituzte euren seme-alabekin euskaraz jarduteko orduan, etxeko lanak egiten laguntzean edo eguneroko beste edozein egoeratan. Beraz, guraso horien hizkuntza gaitasuna hobetu eta familian euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin jaio da egitasmo hau“, adierazi du Maider Aranberrik, Gurasoak Berbetan programaren arduradun eta Ikastolako gurasoak.
Umeei euskararekiko jarrera positiboa transmititzearen garrantzia ere azpimarratu du Aranberrik, “azkenean seme-alabei jarrera hori erakustea onuragarria da umeentzat, euskaraz egitera animatuko dituelako.
Informazioa ikastetxeetan
Aurten Eibarko ikastetxe guztiek egingo dute bat …eta kitto! Euskara Elkartearen egitasmoarekin: “Iaz ikastetxe birekin egin genuen lehen saiakera eta jasotako erantzun onak animatuta, gainontzeko ikastetxeetara zabalduko dugu informazioa”.
Haur Hezkuntzako ikasleen guraso guztiek jasoko dute egitasmoaren berri eta, “Berbetan-en egiten dugun moduan guraso euskaldunak guraso euskaldun berriekin elkartuko ditugu taldeetan, astean behin euskaraz berba egiteko”. Informazio guztia eskolan bertan jasoko dute gurasoek eta izen-ematea ere bertan egingo da, han jasotako esku-orria bete eta eskolan entregatuko da.