Gabonak gero eta hurrago ditugu, eta jaiekin batera Gabonetako otarreak erosteko aukera han eta hemen. Aukera on bi eskaintzen dizkizuegu, euskal produktuak erostearekin batera, premia duten Ikastolei laguntzeko.
Zuberoako “Eperra” ikastolaren otarrea
Batetik, Zuberoako “Eperra” ikastolari laguntzeko aukera daukagu. Eperra ikastola Sohütan dago eta otarreak saltzen ditu ikastolarako dirua lortzeko. Aurtengoan 2 otarre mota daude: 40 eurokoa eta 52 eurokoa. Bietan aurkituko ditugu, ardi-gazta (900 gr), ahate gibela (125 gr), bixkotx artisanalak (200 gr) eta eztia (500 gr). 52 eurokoan, gainera, axoa txahalki xehatua (750 gr) ere badago. Produktu guztiak Zuberoako ekoizleek egindakoak dira. Eskaera egin nahiez gero idatzi mezu bat helbide honetara, kezka@dantzan.com , aukeratzen duzuen otarrea eta kopurua adieraziz azaroak 27 baino lehen. Behin eskaera guztiak jasota ordainketa nola bideratu eta otarrea non eta noiz jaso ahal izango duzuen adieraziko dizuegu. Otarreaz informazio gehiago, Zuberoako ikastolen webgunean.
Nafarroa Hegoaldeko produktuen otarrea
Bestalde, Nafarroa hegoaldeko euskarazko proiektuei laguntzeko aukera ere badago, Errigora kanpainan parte hartuz. Kasu honetan 50 euroko otarreak dira, Erriberako produktuz osatutakoak (ikus irudia). Merkatuko prezio berean baina ezberdintasun batekin: % 25 euskarari bideratuko zaio. 15 ekoizlek arreta eta maitasunez ondutako produktu sorta. Horixe da, kanpainan parte hartzea erabakiz gero, hartuko duzuna. Info gehiago, Errigoraren webgunean.
Guridi, Depor eta Beleko Tabernetan eska dezakezue otarrea, baita www.errigora.eus helbidean ere (Eibarko jubiletxean sakatuz).
Eskaerak egiteko
Kasu bietan, otarrea Eibarren bertan jasoko zenukete, abenduan. Eskaerak egiteko:
- Zuberoako otarrea: Kezka dantza-taldeari eskatuta: kezka@dantzan.com.
- Nafarroako otarrea: Guridi, Depor eta Beleko tabernetan, www.errigora.eus helbidean eta email honetan: eibar@errigora.eus.