Berria Egunkaria laguntzaile bila dabil eta “Berrialaguna: Zure ziztada behar dugu” kanpaina abiatu du.
Informazioa bidali digute eta hona hemen guztiontzat.
——–
Kaixo lagun agurgarria,
Gure ziztada behar du BERRIA egunkariak, gure laguntza, denon babesa.
BERRIAlaguna egiteko kanpaina hasi du BERRIA egunkariak herriz herri, eta euskalgintza eta kulturgintzako sektorez sektore. BERRIAren irakurle eta zaleengana ez ezik, euskaraz bizitzeko asmoa dugun guztiongana iritsi nahi du, eta esan nahi die euskaraz bizi nahi badugu euskarazko hedabideak ezinbesteko ditugula eta horiei eutsi beharra dagoela. Arriskuan daudela asko, laguntzak jaisten ari direlako, edo erabat kentzen, krisia dela-eta publizitatea gutxitu delako, Internetez irakurtzeak irabazirik uzten ez dielako… Arrazoi asko larri egoteko eta lagundu eta babestu behar ditugula erabakitzeko.
BERRIAk ere dei hori egin du: oraindik ere euskaltzaleen, euskaldun guztien babesa behar duela. Bere komunitatea inguruan sentitu nahi duela. Sostengua behar duela, etorkizun zail honi indartsu heltzeko. Komunitate horren parte hartzea nahi du, elkarrekin egiteko BERRIA, batez ere Internetek ematen dizkigun parte hartzeko aukera berriak baliatuz, eta, nola ez, ahal duenak diru ekarpen txikia eginez, auzolanean, elkarlanean.
Laguntzeko modua
Laguntzeko modua erraza da: bakoitzak nahi duen kopurua emanez, urteko diru ekarpen txikiak proposatzen dira; Internetez egin daiteke, edo banatzen diren eskuorriak betez. Nolanahi ere, Interneten dago informazio osoagoa, eta ekarpena egiteko, helbide honetara jo daiteke: www.berria.info/berrialaguna.
Zer jasoko dut?
BERRIAlagun egiten denak ordainetan PDFn jasoko du BERRIA (Interneteko harpidetza doan). Baita ere BERRIAlagunaren txartela, txapa eta autoetako itsasgarria, BERRIAren produktuetan deskontuak, BERRIAlagunen katalogoa deskontuekin, Berria.info-n blogak izateko aukera eta BERRIA taldeko kontu eta jarduera guztien informazio osoa (bi informazio buletin urtean eta batzarrera etortzeko eskubidea).
Informazio gehiago eskuratzeko, edozein zalantza argitzeko edo kanpainan laguntzeko aukera ikusiz gero, idatzi berrialaguna@berria.info helbidera edo deitu 943-30 40 30 telefonora (Jose Anjel Aldai).
Denon artean gai gara.
Eskerrik asko.