Azken egunotan ireki dituzte udalekuetan izena emateko aukerak. Bai Euskal Udalekuetan, zein Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen dituenetan.
Izena emateko azkenengo egunak dira. Adi beraz!
Euskal Udalekuak
Euskal Udalekuek 40 urte daramatzate haurren udako oporretako aisialdia kudeatzen. Guraso eta boluntarioen lanari esker, hor izan dira Goñi, Beire edo Urdirozko udalekuak; belaunaldiz belaunaldi Euskal Herri osoko haurren udaleku. Gaur egun hiru egoitza dituzte: Bernedo, Abaigar eta Goñi. Helburua, hasierako berdina: “Bizi ezazu uda euskaratik eta euskaraz“.
Izen-ematea joan zen astean hasi zen eta euren webgunean bertan egin behar da. Hamaika txanda daude, 3 udalekuetan banatuta, 1996-2006 urteetako haurrei zuzenduta. Adinaren arabera, 8 egunetik 15 egunera bitarteko txandak dira (ikus txandak).
Haurrak hirunaka apuntatu daitezke. Martxoaren 18rako beteta dauden txandetan aukeraketa bat egingo da. Besteetan, bete arte izena emateko aukera egongo da.
Informazio gehiago:
- Euskaludalekuak.org
- Telefonoz: 943 75 14 07 (18:00–20:00 )
- E-mailez

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Aldundien udalekuak
Beste alde batetik, Gipuzkoako Aldundiak antolatzen dituen udalekuetako izen-ematea ere ireki da. Arabako eta Bizkaiko aldundiekin batera antolatzen dituzte. Aurten ere makina bat txanda antolatu dituzte, 12 aterpetxetan, 7 urtetik 13 urtera bitarteko haur eta gaztetxoentzat.
Kasu honetan, izen-ematea martxoaren 14tik 24ra bitartean da. Plazak baino haur gehiago izaten direnez, plazak zozketa bidez erabakiko dira, apirilaren 11an egingo den zozketaren bidez. Txanda guztiak 7 egunekoak dira.
Informazio guztia euren webgunean.