Maiatzaren 24an, Euskal Jaiaren barruan, 17:00etatik aurrera, Untzaga plazan jolasean aritzeko aukera izango dute 5-8 urte bitarteko haurrek eta gurasoek.
Egitasmoaren helburua jolas giroan euskaraz ere jardutea da, euskara modu informalean eta naturalean erabiltzea, eta, bestalde, ikustaraztea badirela euskaraz ere, beste edozein hizkuntzatan bezala, gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera ematen diguten orotariko jolasak.
Orain, Euskal Jaiko egitasmoaren barruan, jolas horiek kalera atera nahi dira, gurasoak nahiz umeak, guztiak elkarrekin, jolasean aritu daitezen.
Ekitaldia 17:00etan hasi eta 19:00etan amaituko da. Bitarte horretan Astixako begiraleak Untzagako plazan egongo dira umeekin jolasteko prest. Jolasei amaiera emateko KALEJIRA eder bat egingo dugu .
Egitasmo hau garatzeko Udalak, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolak, Klub Deportiboak eta Eibarko ikastetxe guztiek hartu dute parte, eta ekitaldiaren koordinazioaz ASTIXA arduratuko da.
Jolasa garrantzi handikoa da hizkuntza, kultur, gizarte eta haurraren garapenerako. Jolasen bidez, komunikatzeko gaitasuna handitu egiten da, lankidetzan aritzeko gaitasuna, elkarreragina, guraso eta seme-alaben arteko harremana sendotu egiten da, norberaren estimu ona garatzen da, hizkuntza oharkabean barneratzen da…
Horra hor, bada, maiatzaren 24rako aukera ezin hobea.