DBHren fusioa onartu dute Mogelen iritziaren kontra

Maiatzaren 12ko bilera

Pasa den maiatzaren 12an, Eskola Mapa berritzeko bilera egin da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak deituta, Eibarko Udaletxean. Hezkuntza saileko ordezkariak, Eibarko ikastetxeko publikoetako zuzendariak, Ikastetxeetako OOGetako gurasoen ordezkariak, Eibarko Udala eta sindikatuen ordezkariak ziren deituak bilerara. Deialdirako gai zerrenda honakoa zen:

1. Aurreko aktaren onespena.
2. Mogel HH-LH eta Mogel DBHko ekarpenak direla eta ikastetxeekin egindako bileren berri
3. DBHak bateratzeko Eibarko azpibatzordearen behin betiko iritzia
4. DBHa bateratzeraren inguruko lan proposamena: lan taldeak eta egutegia
5. Eskari eta galderak

Hezkuntza Saileko Lurraldeko Ordezkaritzako Ikastetxeen Lurralde arduradunak, Mogel Isasi eta JA Mogel ikastetxetako irakasle eta gurasoekin egindako bileren berri eman du. Prozesua gaizki eta presaka kudeatu izana leporatu zitzaiela esan du, erronkari ez diotela heldu eta beste gurasoekin elkartzea trabatu dutela. Egon-ezina, urduritasuna eta haserrea antzeman dutela Mogeleko irakasle eta gurasoengan. Aitortu du prozesua ez dela egokia izan, ez dela behar adina gardena izan eta Mogel Isasi eta JA Mogelekin lehenago elkartu behar zirela. Dena den, orain denen beharra dagoela adierazi du, zuzendaritza eta irakasle guztien beharra fusioa ongi gauzatzeko.

Mogeleko ordezkariek irakurritako idatzia

Mogel ikastetxeen OOGeko ordezkariek erantzun dute emandako azalpenak ez direla nahikoa. Eta beraien ikuspegia, orain arte defendatu dutena, berretsiz Mogel-Isasi eta JA Mogel-ek OOG goreneko ordezkariek honako testua irakurri dute:

Mogel Isasi Ikastetxea eta J.A. Mogel Ikastolaren Ordezkari Organo Gorenen izenean honako hau adierazi nahi dugu, eta aktan hala jasoa gera dadin eskatzen dugu:
  1. Eskola-mapa berritzeko prozesurik ez da izan hemen, eragile guztioi deitu aurretik zenbaitek adostutako erabaki bat inposatzeko ahalegina izan da hau. Legediak eskatzen duen prozesuari eta adostasunari iruzur eginez Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak Eibarko hezkuntza komunitatearen zati batekin hitzartutako mapa ezartzeko ahalegina izan da hau, inondik inora ez da izan eskola-mapa aztertu eta guztion artean aukera onena adosteko prozesua. Lurralde Ordezkaritza eta Hezkuntza Saila ez dira gai izan prozesu hau zentzuz eta hezkuntza beharrei begira kudeatzeko eta komunitatea bere osotasunean kontuan izateko, Irtenbidea aldez aurretik adostua egote horrek, prozesua guztiz baldintzatu du eta elkarrizketarako bideak itxi ditu. Mogel-Isasiko eta J.A Mogeleko Organo Gorenek eta guraso-elkarteek, prozesuaren hasieratik eta hainbat bide erabiliz, bere desadostasuna plazaratu dute eta bilerak eskatu dituzte behin eta berriz, aurrez aurre eta guztion artean gaiari heldu ahal izateko. Elkarrekin biltze nahi hau ez da gauzatu eta gainera gutxietsia izan da. Sekulako garrantzia izan du, tristea eta antzua izan da eta guztiz baldintzatu du azken emaitza. .
  1. Zenbait ikastetxeren eskariari erantzunez Hezkuntza Sailak bere egin duen DBHko ikastetxeen bateratze proposamena aztertuta, sortuko litzatekeen zentroaren tamainak eta ezaugarriek asmo horren desegokitasuna berrestera garamatza. Zentroen tamaina ikasturte kurso bakoitzeko ikasle eta ikasgelen kopuruak markatzen du, eta hezkuntzari dagokion literatura zientifikoan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ikasturteko 100 ikasleren bueltan kokatzen dira tamaina optimoak. DBHko bateratzeak tamaina egokiak ia-bikoiztu egiten ditu eta jakina da horrek ondorio txarrak dituela hezkuntza kalitatean: ikastetxearekiko pertenentzia sentipena jaitsi, ikasle arteko eta irakasleekiko harremanak hoztea, ebaluazioetan gainbehera eta gazte biolentzia kasuen ugaritzea. Saiatu garen arren, ez dugu DBHen bateratze proposamenaren egileen aldetik gure kezka hauek asetzeko erantzunik jaso. Hori horrela, DBHko bateratzea aurreikusten duen proposamena baztertu egiten dugu, eta baztertze horretan bat datoz JA Mogel Ikastolako eta Mogel Ikasi ikastxeko irakasle klaustroak eta bien ikastetxeen Ordezkaritza Organo Gorenak, hain zuzen ere, Eibarko sistema publikoan LHko eta DBHko ikasleen %43ari dagokion hezkuntza komunitateak.
  1. Hezkuntza alorreko profesional talde batek egin duen eskola-mapa berriaren proposamena Eibarko hezkuntza eragile guztiontzako herriko eskola publikoaren desorekak eta erronka berriak aztertzeko abiapuntu egokia izan daitekeela pentsatzen dugu. Eskola-mapa berritzeko mahai gainean jarri diren etorkinen birbanaketa beharrari erantzuten dio, zentroen arteko desorekak konponduko lirateke, aldi berean makro-zentro bat eratzea saihestuz, eta zentro bakoitzaren tamaina optimoari eutsiz. Mogel Isasi eta JA Mogeleko organo gorenen eta klaustroen babesa jaso du proposamen honek. Penaz ikusi dugu proposamen hau aztertu ere egin gabe baztertu dutela hainbatek, eta iruditzen zaigu guztiontzat mesedegarria litzatekeela, denon premiei hobeto erantzuten diela eta hezkuntza sistema hobe bat izan dezakegula. Egun batean jaso eta hurrengo egunerako ezezko borobila emateko presaz aritu dira zenbait, eta horrelako gai garrantzitsu bat ebazteko modu desegokia iruditzen zaigu hori, bereziki administrazioaren aldetik. Oraindik badago aukera eskola mapa hobe bat egiteko denon artean.
Besterik gabe, aktan eta behar duen lekuan hala jasoa gera dadila eskatzen dugu.

Idatziaren ondoren bileran diren beste ordezkariek ez dute iruzkinik egin. Isilik geratu dira.

DBHren fusioa aurrera

Ondoren DBHren fusioa onartu da, baina ez aho batez, Mogel Isasi eta JA Mogelen kontrako jarrerarekin. Zikloka antolatzeko asmoa adierazi dute, adibidez, DBH 1 eta 2 Mogel Isasin, eta 3 eta 4 Zuloagan izan daiteke, baina eraikinen antolaketa zein izango den ez da zehaztu. Orain hasiko dira hori lantzen ikastetxeen artean.

Aurreikusten duten egutegia jakinarazi duten Lurralde Ordezkaritzatik:

  • 2016-2017 ikasturtean proiektua, ikasleak, irakasleak eta antolamendua landu eta adostu.

  • 2017-2018 Aurreko urtean landutako abian jarri, DBH1 mailan eta Mogel Isasin.

  • 2018-2019 Mogel Isasin, DBH 1 eta DBH 2 fusionatuta martxan. Institutua konpontzen eta prestatzen egongo da, eta Itziotik bertara lekualdatzen. Dekretuak lantzen hasiko dra DBHren egoera alegala konpontzeko.

  • 2020an prozesua amaitutzat emango da.

Mogeleko OOGeko ordezkariek adierazi dute prozesuari jarraipen zorrotza egingo diotela. Badakigu zein egoeran abiatzen garan eta fusioaren balorazio zehatza eskatuko dugu. Objetiboa, urtez urteko plangintzari lotutako adierazle neurgarrietan oinarriturikoa, hala nola: migrazio eskolarraren tasa, hezkuntza maila, hizkuntza maila, proiektu osagarriak, guraso-irakasle eta ikasleen satisfakzio maila…

HH eta LHrako proposamenik ez dago

HH eta LH-ri dagokionez, Hezkuntza Sailak ez du Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ikastetxeen artean dauden desorekak konpontzeko proposamenik. Hori lantzen hasteko mahai tekniko bat sortzea proposatu dute. Bertan izango dira ikastetxeak, alkatetza, ikuskariak, euskara eta immigrazio teknikaria eta Berritzegunea. Lan-talde honek diagnosi zabal eta oso bat egin beharko du, zer gertatzen den, zergatik gertatzen den eta nola konpondu daitekeen. Eibarko Hezkuntza eragile guztiek parte hartu behar dutela azpimarratu da, talde txiki eta eraginkorrak antolatu behar direla, eta diagnosi osoa egitea premiazkoa dela, denon artean hitz eginda.

Amañako ikastetxetik adierazi dute arazo larria dutela, datorren ikasturterako %47 direla etorkinak bere ikastetxean, eta uda aurretik urratsak emateko eskatu dute. Mogeletik erantzun zaio gure alternatibak erantzuna ematen ziola egoera horri, eta ez duela inork aintzat hartu eta arretaz aztertu.

Guztien parte hartzea orain?

Mogeleko gurasoen ordezkariek salatu dute orain HH eta LH-rako planteatzen den horixe bera, hasieratik aldarrikatu dutela DBHrako, eta inork duela hori aintzat hartu. Lurralde Ordezkariak erantzun du DBH errazagoa dela, eraikinen kudeaketa soila delako. Mogeleko gurasoen ordezkariek erantzun diote DBH ere, eraikinen kudeaketa hutsa baino askoz konplexuagoa dela. Beste guztiak isilik.

Steilas sindikatuko ordezkariak, besteak beste, aniztasuna era negatibo eta arazo sortzaile moduan hartu beharrean balio erantsi moduan hartu behar dela defendatu du, baina noski, horretarako baliabideak jarri behar direla. Hezkuntza behar guztiei erreparatzen ez bazaie fusio hau ez duela onartzen adierazi du.

JA Mogeleko guraso ordezkariak Hezkuntza sailarekin izan duen estreineko harreman honek utzi dion sentimendu mingotsa adierazi du. Harridura erakutsi du ikusita administrazioak, ikuskaritzak, berritzeguneak hain gai garrantzitsua zer nolako arinkeriaz erabili duen, eraikinak eta zenbakiak, pertsonen eta benetako hezkuntza beharren eta erronken aurretik jarriz.

Post hau Guraso Elkartea atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

3 erantzun DBHren fusioa onartu dute Mogelen iritziaren kontra -ri

  1. Edurne San Martin-k dio:

    Beno neska-mutilak, eskerrak ematea baino ez dagokigu kontu honetan lar busti ez garen gurasoei. Benetan demaseko lana egin dozue. Eskola mapa berri hau “jan” beharko dogu baina ez da behintzat izango gauzak hobeto egiteko ahaleginik egin ez dalako. Eskerrik asko.

  2. Iñaki Serrano-k dio:

    Guztiz ados, sekulako lana egin dozue Guraso Elkartekook eta Eskola-mapako taldekook. Pena ekainak 26ko Estatuko hauteskundeetara ezin aurkez zaitezketela. Eskerrik asko

  3. JAIONE TELLERIA-k dio:

    Eskerrikasko egin duzuen lanagatik. Prozesu guzti honetan oso informazio ona eta zehatza jaso dugu zuengandik eta eskertzekoa da benetan. Mila esker!

Utzi erantzuna, mesedez

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s