MULTIKIROLA 2018-2019
Oraindik aurtengo ikasturtea amaitu barik, baina honezkero hasi gara hurrengoa prestatzen.
Izan ere, 2018-2019 ikasturteko multikiroletako taldeak eta ordutegiak antolatzeko ordua
heldu da.
Behin izena emateko epea amaituta, entrenamenduen ordutegi probisionala bidaltzen dizuegu (Multikirolako entrenamenduen ordutegia). Horrekin batera, ekainaren 12an (datorren asteartea) Mogel Isasin 18:30etan egingo dugun bilera informatibora ere gonbidatzen zaituztegu.
Multikiroletan izena eman duten umeen kopurua zein den jakin bezain laster, zehatz-mehatz kalkulatuko dugu Multikiroletan zenbat taldek parte hartuko duen eta zer ordutegi izango duten. Ahal den neurrian, idazki honekin batera doan ordutegia mantentzen saiatuko gara.
Edozein aldaketa balego, ikasturte amaierarako jakinaraziko genizueke, irailean ahalik eta arazo gutxien izan dezazuen Multikirolak eta gainerako eskolaz kanpoko jarduerak
koordinatzeko.
Multikirolen zenbatekoa, guztira, 95 eurokoa izango da. Ordainketa 2018-2019 ikasturtean egingo da 2 epetan.
Hona hemen, jarduerari buruzko informazio gehigarria:
- Eskolaz kanpoko kirol ekintza da. 20 asteburu izaten dira, urritik maiatzera bitartean banatuta.
- 20 aste horietan, aste barruan bi entrenamendu edukiko dituzte, eta larunbatetan partiduak edo ekintzak.
- Asteburuetan partidurik ez dagoen asteetan (oporrengatik edo zubiengatik), aste barruan ere ez da izaten entrenamendurik.
- Entrenamenduetan eta larunbateko partiduetan parte hartzea derrigorrezkoa da. Apuntatzen denari erregulartasuna eskatuko zaio, ahal den guztietan parte hartu dezan, taldea ez kaltetzeko.
- Lehenengo sei asteetan banakako kirolak landuko dira, umeak ez dira talde bezala apuntatuko bakarka baizik. Banakako kirolen artean:
- A jarduera: atletismoa / pilota / saskibaloia.
- B jarduera: patinajea / judoa / waterpoloa / duatloia.
- Umeek A taldeko kirol bat, eta B taldeko beste bat, aukeratu beharko dituzte.
- 20 aste horiek honela banatuko dira: 6 aste banakako kirolak ( 3 aste A taldeko kirola, beste 3 aste B taldeko kirola); 13 aste futbola, eskubaloia eta errugbiaren artean; azken asteburuan Kirol Eguna Untzagan.
Guzti honen inguruko informazioa banatzeko, eta zuen zalantzak argitzeko (batez ere zuen umea lehenengoz apuntatu bada), bilera batera deitzen zaitugu:
EGUNA: ekainak 12
ORDUA: arratsaldeko 18:30etan
LEKUA: Mogel Isasi.
Mendi irteerak 2018-2019
Ekainaren 12ko bileran, multikirolez gain, mendi-irteeren informazioa ere banatuko dugu.
Mendi-irteerak ere eskolaz kanpoko ekintzak dira, Eibarko Klub Deportiboaren eta Eibarko ikastetxe guztien artean antolatzen direnak. Hau ere, Iturburuko 3-6 mailetako umeentzat da.
Laburpen txiki bat:
- Lehen Hezkuntzako 3. 4. 5. eta 6. mailakoei irekia.
- Irteera hauetan parte hartzea doan da.
- Mendi irteerak igandetan izaten dira. Salbuespena jardunaldi mikologikoena da, larunbatez izaten baita.
- Irteerak umeen erritmo eta gaitasunei egokitutako ibilaldiak izaten dira.
- Ez da beharrezkoa irteera guztietara joatea, aukeratu daitezke; baina ikasturtean zehar erregulartasun bat ere eskatzen da.
- 6 irteera eginez gero domina irabazten dute umeek eta Arrateko Finalista egunean jasotzen dute.
- Eibartik kanpo izaten diren mendi-irteeratarako autobusa izaten da. Autobusean tokia badago laguntzera joateko prest dauden guraso batzuentzat tokia egon daiteke.
- Izen-ematea: Ikasturte hasieran izena eman behar da (seguruak egiteko) eta ondoren, irteera bakoitzerako konfirmatu egin behar da.
Antolatzaileak: Eibarko Klub Deportiboa eta Eibarko ikastetxeak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eibarko Udaletxearen diru laguntzekin.
Ohar praktikoak:
- Ordutegia: Irteerak 8:15ean Ego-gainen eta itzulera 14:00 toki berean.
- Eraman beharrekoak: mendirako oinetako eta erropa egokia, motxila txikia, hamarretakoa eta ura.
Guzti honen inguruko informazioa banatzen eta zuen zalantzak argitzen saiatuko gara ekainaren 12ko bileran, batez ere zuen umea lehenengoz apuntatuko bada.
EGUNA: ekainak 12
ORDUA: arratsaldeko 18:30etan
LEKUA: Mogel Isasi.