Mendi irteerak 2017-2018 Informazioa eta izen-ematea

Eskola Kirola programan mendi irteerak antolatzen dira Eibarko ikastetxe eta Eibarko Klub Deportiboaren artean Ikastolako eta Eibarko beste eskoletako ikasleentzat.

2014-11-16_legazpi-mendi-irteera_OA_11-32-46-r

Urriaren 7an Perretxikotara!

Datorren urriaren 7an, lehen irteera egingo da, Eibarko Klub Deportiboak antolatzen dituen Jardunaldi Mikologikoen barruan Perretxiko Bila joango gara. Bertan dugu irteera hau, eta ERNE, Perretxiko irteeran parte hartzeko izen-ematea ikastolan bertan egin behar da, umeek eman behar dute izena, eta gainera asteazkena, urriak 4 da horretarako azken eguna!

Ikasturtean zehar mendi irteeretan parte hartzeko izen-emate orokorra berriz, urriaren 10 arte irekita izango da eta blog honetan bertan, azpialdean duzuen formularioan betez egin behar duzue izen-emate hori.

Egutegia 2017-2018

  • Urriak 7, larunbata: Perretxikotara! (Jardunaldi Mikologikoak)
  • Urriak 22, igandea: Finalista Eguna. Errenteria.
  • Azaroak 12, igandea: Elosua – Irimo – Zumarraga
  • Abenduak 03, igandea: Itziar – Andutz – Deba
  • Urtarrilak 21, igandea: Urkiola – Urkiolamendi – Urkiola
  • Otsailak 18, igandea: Leintz Gatzaga – Debaren iturburua (PR-GI 137)
  • Martxoak 11, igandea: Ibilaldi neurtua: Aretxabaleta
  • Apirilak 15, igandea: Igeldo – Orio
  • Maiatzak 6, igandea: Leintz Gatzaga – Aitzorrotz – Eskoriatza
  • Maiatzak 20, igandea: Arrazola – Andasto – Arrazola
  • Ekainak 3, igandea: Eibarko Finalista eguna: Eibar-Kalamua-Arrate

Informazio orokorra

  • Lehen Hezkuntzako 3. 4. 5. eta 6. mailakoei  eta DBHko ikasleei irekia.
  • Irteera hauetan parte hartzea dohain da
  • Mendi irteerak igandetan izaten dira. Salbuespena jardunaldi mikologikoena da, larunbatez izaten baita.
  • Irteerak umeen erritmo eta gaitasunei egokitutako ibilaldiak izaten dira.
  • Ez da beharrezkoa irteera guztietara joatea, aukeratu daitezke.
  • 6 irteera eginez gero domina irabazten dute umeek eta Arrateko Finalista egunean jasotzen dute.
  • Antolatzaileak: Eibar Klub Deportiboa eta Eibarko ikastetxeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eibarko udalaren diru-laguntzekin.

Ohar praktikoak

  • Ordutegia: Irteerak 8:15ean Ego-gainen eta itzulera 14:00 toki berean.
  • Eibartik kanpo izaten diren mendi-irteeratarako autobusa izaten da.
  • Autobusean tokia baldin badago laguntzera joateko prest dauden zenbait guraso joan daitezke.
  • Eraman beharrekoak: mendirako oinetako eta erropa egokia, motxila txikia, hamarretakoa eta ura.
  • Izen-ematea: Ikasturte hasieran (urriaren 10 arte) izena eman behar da (seguruak egiteko) eta ondoren, irteera bakoitzerako izena eman behar da. Horretarako, bete beheko formularioa.
  • Irteera bakoitzaren aurretik, ikastolan eman behar da izena.

Guraso arduradunak

Mendi-irteera bakoitzean zenbait guraso joaten dira arduradun lanetan. Umeei lagundu eta beren ardura izaten dute guraso horiek. Guraso arduradun aritzeko euskalduna izatea eskatzen da. Guraso arduradun izateko prest bazaude umearen izen-ematean jar dezakezu zure izena.

Izen-ematea

Izena emateko beheko formularioa bete:

Guraso Elkartea atalean publikatua | Utzi iruzkina

Dantzabidea Eibarren

Dantzariak eskolan sartu eta dantzan zituzten ikasleak. Pasa den maiatzean, Dantzaz konpainiak Iturburun eta Amañako hainbat ikaslerekin astebetez egindako lana eta ondoren Coliseo Antzokian eskainitako emanaldiaren esperientzia erakusten du bideo honek.

Ikasleek dantza-mundura gerturatzeko aukera izan dute Eibarko udalaren babesarekin burutu den ekimen honetan. Proiektuan parte hartu duten hainbat kidek esperientziaren berri ematen dute bideoan.

Guraso Elkartea atalean publikatua | Utzi iruzkina

“Eibarren AKEBAI” ekimenaren aurkezpena, Guinness errekorra gainditzeko asmoz. Zatoz zu ere!

Datorren ekainaren 22an aurkeztuko da “Eibarren AKEBAI” plataforma eta egitasmoa. Herri  ekimen bat da, Eibarko eragile guztien topagune izan nahi duena, 10 urteko plangintzarekin, eta helburu nagusi bat izango duena: Eibarko haur eta gazteen artean euskararen erabilera handitzea.

Egitasmo horri ekiteko, eta aurkezpen moduan, ekitaldi handi bat egin nahi dugu: Ekainaren 22an, iluntzean, Untzagan. Guinness errekor bat gainditzen saiatuko gara! Ekitaldi jendetsu eta koloretsua egin nahi da, eibartar guztiak euskararen inguruan bildu gaitezen.

Iturburuko ikastetxeak eta Guraso Elkarteak bat egiten dute euskararen aldeko egitasmo honekin. Jantzi Mogeleko kamiseta gorria eta etorri gurekin Untzagara!

Guinnessa gainditzeko, 2.500 pertsona elkartu behar gara Untzagan. Guztion parte-hartzea garrantzitsua da. Parte hartu nahi baduzue, izena eman behar da!

  1. Iturburuko gurasoei papera bidali zaizue ikastetxetik, izena emateko. Animo! Apuntatu!
  2. Bestela, apuntatu www.akebai.eus webgunean.

(Adi! 6 urtetik beherako umeak ikusle moduan egongo dira, baina ezin dute parte hartu ekitaldian bertan).

Aurten San Juanak 22an hasiko dira! Zatozte zuek ere, haur eta gurasoak! Euskararen Guinnessa gaindituko dugu!

Ekitaldia ekainaren 22an izango da, 19.00-20.30 bitartean. Informazio gehiago: www.akebai.eus.

 

Berriak, Ekitaldiak atalean publikatua | Utzi iruzkina

Mogeleko atletak irabazle Gipuzkoako txapelketetan

Azken asteotan ospatu dira Gipuzkoako eskola-arteko atletismo txapelketak. Alebinen (11-12 urte) eta infantilen mailetan (13-14) dominak lortu dituzte gure atletek. Banaka lortu dituzten hainbat domina ahaztu gabe, taldeka egindako txapelketak azpimarratu nahi ditugu.

Infantiletan neskak Gipuzkoako txapeldun izan dira sailkapen orokorrean. Alebinetan, berriz, mutilak Gipuzkoako txapeldun eta neskak bigarren.

Eibarko atleta guztiek talde bakarrean elkartuta konpetitzen dute, ikastetxe guztietakoak. Eskola-arteko txapelketa izanik, guztiek Iturburu/Mogel ikastetxeen izenarekin konpetitzen dute, atleta gehien dituen ikastetxea delako, baina taldeetan hainbat ikastetxetako ikasleak elkartzen dira eta Eibarko Klub Deportiboaren ardurapean konpetitzen dute.

Zorionak atleta guztiei!

Neska infantilen taldea, Gipuzkoako txapeldun.

Alebinak: Ituruburu Gipuzkoako txapeldun mutiletan eta bigarren nesketan.

Alebin nesken erreleboen taldea, Gipuzkoako txapeldun.

Alebin neskak.

Eibarko alebinen taldea.

 

Berriak, Mogel ikastola atalean publikatua | Utzi iruzkina