Haurrekin jolasteko aukera Kiroldegian

Eibarko Udala eta Ipuruako Kiroldegiak egitasmo berri bat jarri nahi dute martxan. Udaletxetik ondorengo eskutitza bidali digute. Guztien interesekoa delakoan, hementxe duzue.

————

Eibarko kultura sailean, Ipuruako kiroldegikoaren laguntzaz, egitasmo berri bat nahi dugu jarri martxan. Udazken eta negu partean asteburuetan kiroldegiko kantxa bat umeak gurasoekin jolasteko gunea zabaltzean datza egitasmoa. Hasiera batean igandeekin probatuko da; ondo moldatuz gero zapatuetara ere zabalduko genuke.

Kantxa honetan umeek gurasoekin jolasteko aukera izango dute, ez da zaintza toki bat izango eta betebehar nabariena umea aita-amarekin egon beharko dela litzateke. Egitasmo hau aurrera eramateko gurasoen laguntza behar dugu. Kantxa debalde izango genuke baina kudeaketa gurasoen esku geratuko litzateke. Polikiroldegiko txartelik ez dutenek ere sartzeko aukera izango lukete sarrerarik ordaindu barik.

Beraz, ahalik eta guraso gehien behar dugu egitasmo honen kudeaketarako, hasiera batean igandetan 18:00etatik 20:00ak bitartean izango dena. Zenbat eta guraso gehiago laguntzeko prest egon ardura banatuagoa egongo litzateke.

Animatu zaitezte, aukera paregabea dugu neguan gure umeekin jolasgune itxi eta estali batean jolasteko. Egitasmoak ez du adin toperik baina batez ere haur hezkuntzako umeei zuzenduta egongo litzateke

Animatzen zaretenok, email honetara (gazteria@eibar.net) zuen izen-abizenak bidali eta baita helbide elektronikoa ere. Mila esker zuen laguntzarengatik eta posible baduzue zuen eskolako guraso elkartera edo gelako arduradunei pasatu lehen bait lehen aurtengo neguan ere zabaldu ahal izateko.

Eskerrik asko eta ondo izan,

Asier Lopez de Viñaspre
Haurreria eta gazteria Koordinatzailea
Eibarko Udala

Berriak, Ekitaldiak atalean publikatua | Iruzkin 1

Gurasoentzat hitzaldia: Beldurrak Haurtzaroan

Guraso Elkarteak urtean zehar antolatzen dituen hitzaldien artean, datorren astean izango dugu hurrengo ekitaldia. Oraingo honetan, haurtzaroko beldurren inguruko hitzaldia izango da.

  • Izenburua: “Beldurrak haurtzaroan”
  • Eguna: Urtarrilak 15 (asteartea)
  • Ordua: 18:30
  • Lekua: Mogel Isasi ikastetxea
  • Hizkuntza: Euskara

Guraso guztiak gonbidatuta zaudete, noski.

Ekitaldiak, Guraso Elkartea atalean publikatua | Utzi iruzkina

Ikastolako jantokien inguruko bilera irekia

Joan zen azaroaren 7an gurasoen arteko bilera egin zen Argatxako ikastetxean. Guraso talde batek deituta, jantoki eredu berri baten inguruko gogoeta plazaratu nahi izan zen.

Izan ere, gaur egungo jantokiaren inguruko kezkak azaldu dituzte, hala nola, jakien kalitate eskasa, menuen egokitasuna, industrializazioa eta goizean goizetik sukaldatzearen desabantailak, eta abar.

Mezu honekin batera bidaltzen dizuegu bileraren akta eta laburpena (jaitsi PDF formatuan).

Bileran 28 guraso elkartu ziren, eta gehiengoari oso ideia interesgarria iruditu zitzaion hausnarketarekin eta gaiarekin aurrera jarraitzea. Horregatik, lan-talde bat osatzea erabaki zen bideragarritasun plana burutzeko.

Lan talde honek, hurrengo bileraren data zehaztu du: Abenduak 12 arratsaldeko zazpiretan, Mogel Isasin. Deialdia irekia da eta Ikastolako Guraso guztiak zaudete gonbidatuta.

Guraso Elkartea, Mogel ikastola atalean publikatua | 2 iruzkin

Dantza Coliseoan: Maritzuli: Ixtorio Mixtorio

Datorren larunbatean dantza-ikuskizun polita izango dugu Coliseoan. Haurrengan pentsatuta sortutako ikuskizuna da. Animatu!

Maritzuli: Ixtorio Mixtorio
2012ko azaroak 10, larunbata, 17:00etan

Haur folklorearen mundura bidaia harrigarria da Ixtorio Mixtorio, umeek beraiek protagonizatuta gainera. Umeak, helduen teknika eta birtusiosismo imitazioak egiten saiatu gabe, dantzaren eta musikaren oinarrietara jo eta graziaz eta erritmoz betetako emanaldia osatzen dute. Tradizioaren aurkezpen aberatsa, jantzien edertasuna eta umeen espontaneitatea elkartzen dira Ixtorio Mixtorion.

2012-05-05_Ixtorio-Mixtorio_IZ_IMG_2548-rek

Claude eta Jon Iruretagoienaren zuzendaritzapean, euskal dantza tradizionalaren mundu harrigarrian barrena bidaia hunkigarria planteatzen du Maritzulik ikuskizun honetan. Lapurdiko Maritzuli eta Xinkako dantza taldeak, eta Behobiako Eraiki dantza taldeak osatzen dute Ixtorio Mixtorio ikuskizuna. 1996an estreinatu zen Ixtorio Mixtorio, eta 16 urte ondoren, bere garaian arrakasta handia izan zuen ikuskizuna berrituta aurkeztu du Maritzulik.

2012-05-05_Ixtorio-Mixtorio_IZ_IMG_2665
2012-05-05_Ixtorio-Mixtorio_IZ_IMG_2534

Umeekin dantza tradizionala lantzeko eredu berri bat plazaratu zuen Claude Iruretagoienak Ixtorio Mixtorio ikuskizuna. Lau urrats eta kitto! deitzen diote lan egiteko eredu horri, eta funtsean oinarrietara jotzeko deia da. Lau urratsekin euskal tradizio koreografikoaren zati eder bat dantzatu eta gozatu baitezakete umeek. Urrats horiek ikasiz eta bakoitzarekin egin daitezkeen dantzak jorratuz eta euskal folklorearen aberastasuna landuz osatutako ikuskizuna da Ixtorio Mixtorio.

2012-05-05_Ixtorio-Mixtorio_IZ_IMG_2570

Maritzuli: Ixtorio Mixtorio
2012ko azaroak 10, larunbata, 17:00etan
Eibar, Coliseo antzokia
Sarrera: 5

Ekitaldiak atalean publikatua | Utzi iruzkina