“Adingabeak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala”, ikastaroa Markeskuan

Apirilaren 26an  “Adingabeak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala” ikastaroa hasiko da Markeskuan (apirilaren 26an, maiatzaren 3an, 10ean eta 17an, 17:00etatik 20:00etara). Prezioa 63/75/84 eurokoa da (bazkideak/langabeak/arrunta), baina Eibarko udalak erdia ordaintzen du.

Zein arrisku daude Interneten gaztetxoentzat?  Nola saihestu ditzakegu gurasoek arrisku horiek? Zer nolako garrantzia du nortasun digitalak?

  • Lekua: Markeskua
  • Orduak: 12 ordu (4 egun, asteazkenetan, 17.00-20.00)
  • Egunak: apirilak 26, maiatzak 3, 10 eta 17.

Familiek adingabeen errealitate digitala ezagutzea funtsezkoa da. Horregatik, Eibarko adingabeen errealitate digitala aztertzen ari gara. Horretarako, Eibarko ikastetxe guztiei eskaera luzatu genien, LH 5-6 eta DBH 1-2ko ikasleek galdetegi labur bat osatzea eskatuz (modu anonimoan). Zuen seme-alabek dagoeneko bete dute galdetegi hori.

Eibarren egin dugun galdetegi honetako emaitzetan oinarrituta egingo da ikastaro hau, horregatik, guraso eibartarrei dei berezia egiten diegu ikastaro honetan parte hartu dezaten gai honetan hausnarketa egin eta irizpideak argitzeko. Gainera, Eibarko Udalak diruz laguntzen du ikastaro hau.

Informazio gehiago nahi baduzu edo matrikula egiteko, HEMEN sakatu, edo deitu ondorengo telefonora (UEU – Markeskua): 943 82 14 26.

Berriak atalean publikatua | Utzi iruzkina

Badator Korrika Eibarrera!

Joan zen asteburutik herririk herri dabil Korrika Euskal Herri osoan zehar. Otxandion hasi da aurtengo ekitaldia, eta Iruñean amaituko da datorren domekan jaialdi handi batekin.  Bitartean, herririk herri dabil, irudi zoragarriak utziz.

Eibarrera datorren ostiral gauean helduko da (apirilak 7), eta guraso eta ikasle guztiak animatu nahi ditugu Korrikan parte hartzera. Gaueko 11ak aldean zeharkatuko du Eibar. Juan Antonio Mogel Ikastolak Bidebarrieta-Urkizu aldean eramango du lekukoa. Ikastolak lekukoa eramango duen tartea:

  • Guraso Elkarteak: Aurrera eraikinetik Urkizura
  • Ikastetxeak eta irakasleek: Urkizutik Barrenaraino.
  • Ordua: 23.00 (ostirala, apirilak 7)

Jantzi dezagun guztioak Ikastolako kamiseta/sudadera gorria, eta egin dezagun guztiok Korrika euskararen alde!

 

Berriak, Ekitaldiak atalean publikatua | Utzi iruzkina

“Zer egin dezakegu gure seme-alabek euskara erabil dezaten?” (Oso hitzaldi interesgarria, ostegunean Mogel Isasin)

Datorren ostegunean, martxoak 30, oso hitzaldi interesgarria izango dugu Mogel Isasi ikastetxean. Karmelo Ayestak (Zeberio, 1963) emango du hitzaldia, arratsaldeko 18.30etan. Hitzaldiaren izenburua: “Zer egin dezakegu gure seme-alabek euskaraz egin dezaten?“.

  • Lekua: Mogel Isasi
  • Ordua: 18.30
  • Hizlaria: Karmelo Ayesta

Ayesta ingeniaria da, eta euskaldun berria. Oso modu ameno eta erakargarrian, Ayestak hainbat klabe emango dizkigu gazteen euskararen erabileraren inguruan nola eragin dezakegun. Hizkuntz ohitura berriak barneratzea aldaketa pertsonal sakona da. Ikuspuntu horretatik aztertuko du euskalduntze-prozesua solasaldian, eta galdera hori erantzuten saiatuko gara elkarrekin: zer egin gure seme-alabek euskara gehiago egin dezaten?

Ayestak, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan ikasi ondoren, automobilgintzako zenbait enpresetan lan egin du urte askoan, Euskal Herrian zein atzerrian. Duela urte batzuk, euskaldun izatea erabaki zuen, eta euskara ikasi zuen. Harrezkero, euskararen erabilera areagotzea izan du bere asmo nagusien artean. Ibilbide pertsonal horren ondorio da “Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia” liburua, eta haren ondorioz han eta hemen ematen ari den hitzaldiak.

Euskarara hurbiltzeko proposatzen duen modu berritzaileagatik da ezaguna Ayesta. Euskararekin gozatu beharra da bere proposamen nagusia, eta positibotasunez ekin behar diogula euskararen aldeko ekimen guztietan.

Gurasoei zuzendutako hitzaldi horrekin batera, Ayestak beste hitzaldi bat ere emango die aste honetan Mogel Isasiko ikasleei, non euren hizkuntza-ohiturak aztertuko dituzten, eta gaztelaniaz hitz egiteko duten ohituraren inguruan hausnarketa egingo duten.

…………….

Karmelo Ayesta ofrecerá una charla en torno a la actitud acerca del euskera, tema central de su reciente libro titulado “Goza daiteke gehiago Euskaldun baten hizkuntza-bidaia”. En la charla, bajo el epígrafe “Zergatik ez aldatu euskararekiko jarrera? Zertarako?”, el autor explicará cómo realizó su viaje particular hacia la vida en euskera y por qué anima a la gente a que también lo haga. Ayesta sostiene que él lo hizo por integridad, por coherencia: “si me denomino euskaldun me corresponde hablar en euskera y vivir en euskera” y también por una cuestión biológica: “Si yo quiero que el pueblo del euskera vaya hacia delante, la postura más eficaz será hablar y vivir en euskera”.

 

“GOZA DAITEKE GEHIAGO, euskaldun baten hizkuntza-bidaia”

Horixe da Ayestaren liburuaren izenburua. Euskal hiztunok gure hizkuntzaren erabilera  erraz handitu dezakegula erakustea du helburu.

Aldaketa sakona da hizkuntz ohitura berria barneratzea. Batzuetan pentsatu izan da gaitasuna lantzea nahikoa dela euskararen erabilera sustatzeko, baina erabilerari buruzko datu estatistikoek agerian jarri dute bide berriak jorratu beharra dagoela. Liburu hau, batez ere, euskalduntzearen gaineko hausnarketa originala da.

Baina liburu hau ez da hausnarketa hutsean geratzen, Izan ere, aldi berean, erabilera sustatzeko proposamena ere bada. Horretarako, hainbeste landu den soziolinguistikako ikuspegitik urrunduta, hainbat jakintza-arlotako ideiak hartu ditu autoreak. Azken finean, hizkuntz ohitura berria barneratzea hobetze-prozesua baino ez da, autorearen iritzian.
Teoriak probatzeko, bere buruarekin esperimentatu du autoreak, eta bizipenak narrazioen bidez azaltzen ditu. Euskararen gaineko hainbat aurreiritzi topatu ohi dira euskalduntze-bidean. Horiei azala kendu, eta mamia ustel duten edo ez ikusten da liburuan

 

 

 

Berriak, Ekitaldiak, Guraso Elkartea atalean publikatua | Utzi iruzkina

Baloirik gabeko egunak Iturburun

Duela bi urte galdeketa bat egin zen Iturburuko neska-mutilen artean. Gure ikasleei galdetu zitzaien nola ikusten zuten jolastokiaren erabilera eta jolas orduetako giroa, eta ea zer aldatuko zuten. Hori guztiori idazlanen bidez eta marrazkien bidez landu zuten Iturburuko ikasleek, adinaren arabera. Ikasleen erantzuna jasota, argi zegoena zen, patioaren erabilera berrantolatu beharra zegoela, eta ondorengo helburuak lortu behar zituela ikastetxeak:

  • Espazioen banaketa orekatua ziurtatu, ikasle guztiek espazio guztiak erabiltzeko aukera izan dezaten. Jolastokia denona da.
  • Patioa “espazio hezigarri” bihurtzea.
  • Jolas, joko eta txoko desberdinak probatzea eta zabaltzea.
  • Haurren artean, kirol batzuen eraginez sortzen diren hierarkiak eta gatazkak modu aberasgarrian berbideratzea. Lidergoak orekatzea eta ikasle guztien integrazioa sustatzea.

Berrantolaketa hori egiteko hartu zen erabakietako bat izan zen “baloirik gabeko egunak” ezartzea jolastokian. Kanikak eta pilotak erabili daitezke, baina ez baloi handirik (eta ezin da ezta talde-kirolik egin esku-pilotekin edo paperez egindako “baloiekin” ere).

Iturburu jolas ordua

Iazko ikasturtean eman ziren lehenengo urratsak, eta aurtengoan (2016-2017) jarraitu dugu ildo berean lanean. Jolas berriak eta txoko berriak probatzen eta zabaltzen ari dira irakasleak. Jostailu eta material berriak ere lortu ditu ikastetxeak.

Hurrengo ikasturteetan ere bide berean jarraitzeko asmoa dago, goian aipatutako helburuak lortzeko: espazioen banaketa orekatua, jolas ordua ere gune hezigarri izatea, guztien integrazioa, eta abar. Hauxe da datozen urteetarako egutegi probisionala:

  • 2016-2017 ikasturtean: 1. eta 2. mailako ikasleek bi egun dituzte baloirik gabe (asteazkena eta ostirala); beste mailetako ikasleek asteazkena soilik.
  • 2017-2018 ikasturtean: 1.-4. mailetako ikasleek bi egun izango dituzte baloirik gabe (asteazkena eta ostirala ) eta 5.-6. mailetakoek bat ( asteazkena).
  • 2018-2019 ikasturtean: maila guztietako ikasleak astean birritan arituko dira patioan baloirik gabe.

Esan bezala, egun horietan baloirik ezin da jaitsi jolastokira, baina bai esku-pilota eta kanikak, beste jolas batzuen artean. Eskolak dagoeneko prest ditu sokak, gomak, boloak, dianak, frisbeeak, eta beste hainbat joko eta jolas ere.

Egitasmo honetan bat egin dute Ikastetxeko Zuzendaritzak, Organo Gorenak eta Guraso Elkarteak. Uste dugu gure seme-alaben onerako izango dela jolastokiaren berrantolaketa.

 

 

Berriak, Mogel ikastola atalean publikatua | Utzi iruzkina